E

TB3 martxan, Bilboko Hamaika TV lehendabiziko urratsak emanez…Gu ez gara hor egon ( beno egon egon gara, ez ordea biltzen, aztertzen, eztabaidatzen… eta hori, azken finean, ez egotearen pareko da) baina gauza asko gertatu dira 2007ko apirilak 11z geroztik.

EiTB Horren ixilune luzea nola apurtu? Taxusko analisi batekin bada askoz hobe… eta horretarako bada gu baino aproposagorik. Hauxe da Josu Amezaga irakasleak EiTBren etorkizuneko erronkez, telebista publikoaz, eta honek politikarekin, kulturarekin eta euskerarekin dituen harremanez Berrian esaten duena.

Bada zer aztertu.(artikulua osorik, hemen)

EITBren erronkak

Josu Amezaga/ EHUko irakaslea


Gauza asko aldatzen ari dira telebistaren panoraman, arlo teknologikoan, enpresa arloan zein arlo sozialean. Artikulu honetan saiatuko naiz, batetik, aldaketa horietako batzuk azpimarratzen; eta, bestetik, egoera berriei heltzeko egiturazko arazo batzuk nabarmentzen. Bereziki telebistari erreparatuko diot, nahiz eta medioen arteko loturak (telebista, irratia, Internet) oso kontuan hartzekoak diren.

Digitalizazioa

Urte eta erdi barru Hego Euskal Herriko etxeetan hartuko diren telebista emanaldiak digitalak izango dira, itzalaldi analogikoa dela-eta. Aldaketa ez da teknologikoa soilik, eta eragin zuzena izango du telebista erabiltzeko moduan. Besteak beste, behin telebistako seinaleak digitalizatuta, medioen arteko trukea oso erraza da: telebista saioak Interneten eman daitezke, aldi berean edo beste une batean ikusteko (podcas-tak); formatuak molda daitezke, beste euskarri batean ikusteko (adibidez, sakelako telefonoetan); eta abar. Digitalizazioak dakarren beste aldaketa bat kanalen biderketa da: kanal analogiko batek okupatzen duen frekuentzian hiruzpalau kanal digital sar daitezke.

Hizkuntzari dagokionez, digitalizazioak aukera berriak dakartza: esaterako, DVD diskotan bezala hizkuntza aukeratu ahal izango da, edota azpitituluak jarri eta kendu, teleaginteko botoia sakatuz. Azken horrek ateak zabaltzen ditu entzunez ondo ulertzen ez diren hizkuntzak idatziz laguntzeko, besteak beste. Aukerako audio eta azpitituluekin, orain arte ezagutu dugun kanal bat = hizkuntza bat eskema zaharkituta egon liteke hemendik gutxira. (segi irakurtzen)